“Ta oain ze?” Hitzak eginiko elkarrizketa

Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias: “Ikusleen bihotz eta tripetara iritsi nahi dugu, gure barruko kontuak baitira”

Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek kimika berezia dute. Hori aprobetxatuz, eta Eta Karmele? antzezlanarekin lau urtez eskenatokiz eskenatoki jardun ostean, Ta oain ze? estreinatuko dute igandean, Putzuzulon. Gaztetxearen zazpigarren urteurrena aprobetxatu nahi izan dute estreinaldirako; izan ere, beren «etxea» balitz bezala sentitzen dute.

Nondik datorkizue Ta oain ze antzezlana egiteko ideia?
Ainhoa Alberdi. Eta, Karmele? duela lau urte inguru estreinatu genuen, ibilbide luzea dauka. Hori dela eta, beste zerbait egitea erabaki genuen. Duela bi urte Uxue Alberdi eta hirurok elkartzen hasi ginen. Hiru emakumeren istorioa kontatu nahi genuen. Uxue haurdun zegoen, eta gure energiak ere ez zeuden behar bezala; ez zen momentua. Orduan pixka bat baztertu genuen.

Iraia Elias. Gerora, Mikelazulo kultur elkarteak antolatzen duen Eztena Egunean parte hartzeko eskatu ziguten, ekainean. Egun horretan sortze prozesuan dauden lanen zatitxoak aurkezten dira, ikuslearekin feedback-a sortzeko. Eta animatu egin ginen. Ordurako hainbat aldaketa egin genuen lanean. Izan ere, ideia zoro ugari izan ditugu: kabina batekin hasi ginen, itzal jokoak ere gehitu genituen, tren geltokia eta telefonoa… Hala ere, konturatu ginen hura betiko formatua zela: bi emakume eserleku batean. Horrekin hauste aldera, bi emakume horiek biribilgune batean kokatzea erabaki genuen.

Zein da antzezlan honen ardatza?
A. A. Oso geurea da, edozein gizakik izan ditzakeen barne gatazkak islatzen ditugu, gure barneko ahots anitzek kontatuta. Gerora, nolabaiteko gure buruarekiko adiskidetzea dakar horrek. Finean, maitasun istorio bat da, gure barreneko pertsonai guztien onarpenetik sortuta.

Biribilguneak ere badu zerikusia kontu horretan, metafora modukoa da. Bizitzan ere badirudi beti leku berean gaudela, behin eta berriz. Nahiz eta buelta bakoitzean leku ezberdin batera iritsi, sentsazioak eta sentimentuak errepikatu egiten dira. Biribiltasun hori badauka, harrapatuta zauden sentsazioa ematen du, errepikakorra da.

Obra, gainera, oso irekia da, Eta Karmele? -ren antzera. Ikusle bakoitzak planteatuko ditugun gaien inguruan hausnartzea da helburua, bere pelikula egin dezan. Hori da guri interesatzen zaiguna, bakoitzak bere interpretazioa egitea eta horrek barrua ukiaraztea. Izan ere, antzerkiak hori behar du izan: bihotzera eta tripetara iristen den zerbait. Eta hori lortzen saiatzen gara, are gehiago lan honekin. Gure barruan dauden kontuak baitira.

Barne arazoez ari zarete. Obra dramatikoa al da?
A. A. Ez, ez da dramatikoa. Are gehiago, nik uste komikoa ere badela. Hori lortu nahi dugu, ikusleak bere arazoez barre egitea. Une dramatikoak baditu, noski, bizitzan bezala. Momentu eta hausnarketa gogorrak daude, baina komikorantz jotzen du, gure komikotasun horretan, betiere.

Oraingoan, gainera, Miren Alkalaren laguntza izan duzue. Hark zuzendu du antzezlana. Zer moduz moldatu zarete?
I. E. Egia esan, asko disfrutatzen ari gara. Eta,Karmele?-n ez genuen inor izan zuzentzen, kanpotik, eta hala konplexuagoa da lan egitea. Mirenekin lan egitea luxua da.

A.A. Zorte handia izan dugu, bai. Mirenek Londreseko eskola batean ikasi zuen, eta aktore gisa egindako bere bi proiektu hala planteatu zituen, modu zirkularrean. Hori dela eta, asko lagundu digu.

Zein  berezitasun izango du modu zirkularrean antzezteak?
A.A. Publikoaren mailara jaisteko aukera emango digu horrek. Orohar, antzerkian, antzezleek oholtza gainean egiten dute lan, publikotik banatuta. Eta oain ze?-n gurekin batera, biribilgune horretan sartuko ditugu.

I. E. Kuriosoa izango da. Izan ere, ikusleek ez dute ikuspuntu bera izango; bakoitzak perspektiba ezberdina izango du. Bizitzan bezala.

Alkalaz gain, beste hainbat lagunen babesa ere izan duzue, ezta?
I. E. Oier Guillan idazlea ere izan dugu bidelagun. Hark eman dizkigu zenbait pista, esaterako, istoriaren goipuntuak eta behepuntuak orekatzeko. Lana egituratzen lagundu digu eta baita guk ikusten ez genituen zenbait puntu kontuan bistaratu ere.

A.A. Batez ere, gure lana balorean jarri du, eta geure buruan sinesten lagundu digu, etengabe. Mirenek ere izugarrizko babesa eman digu. Ander Fernandezek lagundu digu soinuarekin. Esperimentu  modukoa egingo du igandean, sorpresa izango da. Amaiera borobila emateko, dantza batekin bukatu nahi genuenez, Inaxio Tolosari eskatu genion piezaren bat sortzeko. Eta emaitza oso polita izan da. Mikel Erguinek lagundu digu, bestalde, dantza osatzen. Eta jantziak, kartela eta eskuorriak, berriz, Idoia Beratarbidek    egin ditu. Artistaz ingurututa egon gara uneoro, beraz.

Advertisements
Post hau Prentsa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s